XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ostatu batetako jantokia, bertan bi edo hiru mahai direla eta aulkiak.

Armairu bat ere bai eta garaiko beste zenbait osagarri.

Bi ate izango ditu jantokiak etxe barnerako.

Beste ate bat kanporako.

Ilunabarra da.

Markel, Joxepa eta Lukax

Afaldu ondoren, mahai baten inguruan Markel eta Joxepa dira eseririk.

Beste mahai batetan On Lukax berriz egunkaria irakurtzen afaldu ondoren.

MARKEL: (Joxepari) Hau duk afaria egin duguna gaurkoan ere!

Baina, ez al da ostatu honetan porrua eta patata besterik?

JOXEPA: Zaude isilik!

MARKEL: Porru-patatak iluntzero alajaina!

Zeharo aspertua naiz oraintxe eta lehertu behar dut une batetik bestera.

JOXEPA: Goseak ez zara gelditu izango behintzat!

Zenbait txerriek jateko gutxiago izango zuen beraren askan, zuk gaur iluntzean izan duzun baino.

MARKEL: Jan beharko edo aurki naiz bestela hankak luzatuta...

Egia diozu, bai, txerriak baino ere patata gehiago jaten dugula.

Baina, beste ezer ekartzen al digute mahaira?

Gaur eguerdian ere, patata...

JOXEPA: Haragi zati ederrak ere bai tartean.

MARKEL: Haragia?

Guztia zuk hartu izango duzu orduan!

Nire plateran ez dut behintzat aurkitu haragi zati bakar bat ere.

Patata, patata eta patata...